XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

- A, gizajoa!

- Zer uste duk, ba!

- Deabruak nork erakutsita dakizkiela bere martingala guztiak?

- Deabrua ez al dago sorginen gainetik?

- Eta hi lamien gainetik egon al haiz Zorioneko Egoitzan?

- Motel, motel!

- Ilargi betea denean sorginak makurrak dituk, eskerrak ilberan gauden, bestela ikaragarrikoa igarriko hion.

Sorgintxulora iritsi baino lehenagotik, zegoen iluntasuna gero eta handiagotuz joan zen.

Bakuxen adarrak ez zuen ipurtargiak baino argi gehiago egiten.

Ilunpe hura benetan astuna zen, burdinazkoa izango balitz bezalakoa.

Bide hartan joatea neketsua zen benetan.

Begiak ahalik eta gehien zabaltzen saiatzen nintzen, baina alferrik.

Ez nuen neure sudurra bera ere ikusten.

Bakuxen adarrak gero eta argi gutxiago egiten zuen.

Begi-niniak behartzearen poderioz zeharo tirante neuzkan.

Hala, iritsi ginen azkenean Sorgintxulora.

Ez zen deus ikusten.

Haitzuloaren bazterretan begi pare distiratsuak ageri ziren.

Katu begiak ziruditen.

Dena isil-isilik zegoen.

- Hauek al dira etortzeko garaiak, Mari?

- Hemen gaueko hamabiak jo arte jai zegon esan zion sorgin ipurtzabal batek.